Web gune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak eta beste batzurenak. Nabigatzen jarraituz gero gure cookien politika onartzen duzula ulertzen da.
PSE LASARTE-ORIA

PSE-EE PSOE Socialistas Vascos

Berriak

partekatu  partekatu

  •   BELDUR BARIK

Lasarte-Oriak bat egin du Beldur Barik programarekin, gazteen artean berdintasunezko eta indarkeria matxistarik gabeko harremanak sustatzen jarraitzeko

Beldur Barik programaren baitan —gazteei zuzendutako indarkeria matxistaren prebentzio eta sentsibilizaziorako programa—, Lasarte-Oriak 10 eta 20 urte bitarteko gazteei zuzendutako tokiko lehiaketa antolatu du. Proposamenak prestatzen laguntzeko, aldez aurretik, Gaztelekuak Beldur Barik-Bideogintza doako gunea eskainiko du 12 eta 17 urte bitarteko gazteei zuzenduta.

1. argazkia

Beste urte batez, Lasarte-Oriak bat egin du Beldur Barik programarekin, gazteen artean indarkeria matxista prebenitzeko eta berdintasunezko, askotariko eta sexismo gabeko harremanak sustatzeko. Ekimena Emakundek antolatzen du, foru aldundien, Berdinsarearen eta EUDELen bultzadarekin, eta hainbat euskal erakunderen laguntzarekin.

Beldur Barik Lasarte-Orian

Testuinguru horretan, Lasarte-Oriako Udalak bere Beldur Barik tokiko lehiaketa jarri du martxan, Gizarte Zerbitzuak, Berdintasuna, Garapenerako Lankidetza eta Osasun Sailak antolatuta. Lehiaketaren helburua da Lasarte-Oriako gazteak indarkeria matxistaren inguruko hausnarketan inplikatzea eta ikus-entzunezko sorkuntzaren bidez adierazteko aukera eskaintzea.

10 eta 20 urte bitarteko gazteei zuzendutako lehiaketa

Lehiaketan EAEn bizi edo ikasten duten 10 eta 20 urte bitarteko gazteek parte hartu ahal izango dute eta hiru kategoriatan banatuta egongo da:

  • 10-11 urte, 2015ean eta 2016an jaiotakoentzat.

  • 12-15 urte, 2011 eta 2014 artean jaiotakoentzat.

  • 16-20 urte, 2006 eta 2010 artean jaiotakoentzat.

Lanak ikus-entzunezkoak, originalak eta gehienez hiru minutukoak izan beharko dira, kredituak barne. Azpitituluak izan beharko dituzte eta ezin izango dute adimen artifizialarekin sortutako edukirik jaso. Euskaraz, gaztelaniaz edo beste hizkuntza batzuetan aurkeztu ahal izango dira, eta bereziki baloratuko da mezuaren indarra, hausnarketa eragiteko gaitasuna eta indarkeria matxistaren aurrean planteatzen diren erantzun kritikoak.

Pertsona edo talde bakoitzak gehienez hiru proiektu aurkeztu ahal izango ditu. Bideoak modu publikoan igo beharko dira YouTubera eta, ondoren,www.beldurbarik.eus webgunean erregistratu beharko dira. Lanak aurkezteko epea 2026ko abenduaren 1ean, 23:59an, amaituko da.

Tokiko lehiaketak 200 euroko sari bana emango du kategoria bakoitzean. Saritutako lanak 2026ko abenduaren 14an, astelehena, 18:30ean, ezagutaraziko dira Lasarte-Oriako Antonio Mercero aretoan.

Beldur Barik-Bideogintza: prebentzioa eta ikus-entzunezko sorkuntza Gaztelekuan

Lehiaketaren zabalkundearekin batera, Lasarte-Oriak Beldur Barik-Bideogintza gunea antolatu du Gaztelekuan, 12 eta 17 urte bitarteko gazteei zuzenduta.

Proposamenak indarkeria matxistaren prebentzioa eta ikus-entzunezko sorkuntza uztartuko ditu. Prestakuntza-prozesu baten bidez, parte-hartzaileek gai horien inguruan hausnartu eta euren ideiak adierazi ahal izango dituzte, ondoren Beldur Barik lehiaketara aurkeztu ahal izango dituzten ikus-entzunezko piezen bidez.

Saioak urriaren 9an, 16an eta 23an, ostiraletan, 17:00etatik 19:00etara, egingo dira, eta ez da aurrez izena eman beharko.

Helburua da gazteei  indarkeria matxistaren inguruko hausnarketa, begirada kritikoaren garapena eta ikus-entzunezko hizkuntzaren erabilera batera lantzeko espazio bat eskaintzea adierazpenerako eta sentsibilizaziorako tresna gisa.

Informazio gehiago

Informazio gehiago nahi dutenek Lasarte-Oriako Emakumeen Etxera jo dezakete; 943 36 39 58 edo 688 68 39 54 telefono zenbakietara deitu; edo emakumezentroa@lasarte-oria.eus helbidera idatzi.