partekatu
• KLIMA ALDAKETA
Lasarte-Oriak Trantsizio Energetiko eta Klima Aldaketarako Euskal Itun Soziala lantzera gonbidatzen ditu herritarrak
Trantsizio energetiko eta klimatikoa gure garaiko erronka nagusietako bat da, eta haren aurrean ezinbestekoa da instituzio, enpresa, gizarte eta herritarren arteko lankidetza.
Trantsizio energetiko eta klimatikoa gure garaiko erronka nagusietako bat da, eta haren aurrean ezinbestekoa da instituzio, enpresa, gizarte eta herritarren arteko lankidetza. Norabide horretan, Lasarte-Oriak urrats sendoa egin du, Trantsizio Energetiko eta Klima Aldaketarako Euskal Itun Sozialaren lanketarako parte-hartze saioak antolatuz.
Helburua ez da soilik isurpenak murrizteko energia-eredua aldatzea edo lurraldea klima baldintza berrietara egokitzea, baizik eta ongizate soziala, berdintasuna eta garapen ekonomiko jasangarria uztartzen dituen eredua sustatzea. Beraz, Itun Sozialaren lanketa prozesuan parte-hartzeak, Lasarte-Oria eta bertako herritarrek trantsizio energetiko eta klimatikoaren aldeko konpromiso irmoa hartzen dutela esan nahi du. Udalaren ustez, trantsizio hau gizartearen eraldaketa kolektiboa da, eta herritar bakoitzak bere esparrutik egin dezakeen ekarpena funtsezkoa dela uste du.
Parte-hartzea
Ahalik eta pertsona gehienek parte har dezaten, online inkesta bat prestatu da, herritarrek, elkarteek, enpresek eta tokiko eragileek beren iritziak eman, proposamenak egin eta lehentasunak adierazi ditzaten.
- Galdetegia esteka honetan egongo da eskuragarri: Galdetegia
- Galdetegia betetzeko epea: maiatzak 30
Lege-esparru sendo baten baitan
Itun Sozial hau Eusko Jaurlaritzak onartutako Trantsizio Energetiko eta Klima Aldaketaren 1/2024 Legearen esparruan kokatzen da. Lege horrek Euskadiko trantsizio energetiko eta klimatikoa gidatuko duen marko juridikoa ezarri du, 2050erako neutraltasun klimatikoa eta 2030erako Berotegi Efektuko Gasen (BEG) isurien %45eko murrizketa helburu gisa zehaztuz, baita klima aldaketarekiko lurralde erresilientzia handitzeko helburua definituz ere.
Itun Soziala da lege horren giltzarrizko gobernantza mekanismoetako bat: erakunde publikoak, enpresak, gizarte-eragileak eta herritarrak mahai berean jartzen ditu, lankidetza eta konfiantzan oinarritutako aliantza sozial bat sortzeko. Horri esker, trantsizio energetikoa ez da soilik sektore tekniko edo politikoen kontua izango, gizarte osoaren proiektu partekatua baizik.
Etorkizun baterako apustua
Lasarte-Oriako agintarien iritziz, trantsizio energetiko eta klimatikoa aukera paregabea da ingurunea zaintzeaz gain, ekonomia eta enplegu berriak sortzeko, ongizate soziala indartzeko eta Euskadi lehiakorrago eta bidezkoago bat eraikitzeko.
